XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Trantsiziozko eta aldi bateko etapa bezala ulertzen du J.J. Azurzak euskara eta erdara kanal beretik ematea, baina ordu desberdinetan kasu horretan ere, adibidez, TVEren bigarren kanala Gobernu autonomikoaren eskuetara igaroko denean.

Egiazko soluzioa bi euskal kanaletan dago: bata euskaraz eta bestea erdaraz.

1.3. INDEFINIZIOTIK LAUGARREN KANALERA, BIDE LUZEA
Telebista errebindikazio-gai izan da lehenik.

Gero, urteak geroago, estudiorako gai eta projektu zehatz.

Euskal Telebistaren asmoa, gogoa, eskaria, exigentzia plazaratzen da lehenik.

Gero badira, ikusi berri ditugun aurreprojektu hauek bezala, hurbilketa eta zehaztapen batzu.

Baina ikusi dugu zein airean zegoen euskal telebistaren definizioa eta diseinua.

Ez dago projektu argi eta definiturik.

Urrats asko egin da asmoetako eta ametsetako telebista horren atzetik.

Euskal telebistak definizio bila egin duen bide horixe agertu nahi genuke hemen.

1.3.1. Eredua airean 1979an
Telebista propio baten guraria, errebindikapena eta bilaketa, ikusi berri dugunez, bazegoen 1979 aldera. Hori argi dago.

Batere argi ez dagoena, telebista horren diseinua da.

Saio, ahalegin eta analisi guztiak bi aukera nagusi hauen artean kokatzen dira.

Mutur batean, telebista arras propioa dago, sortzeko dagoen katea.

Beste muturrean, TVEren oraingo sarea, non hutsarte batzuez baliatzerik izango den.

Batean zein bestean daude abantailak eta desabantailak.

Lehen bidearen abantaila nagusia, bistan da independentzia dela.

Desabantaila, aldiz, finantzaketa astuna.

Bigarren bidearen abantaila azpiegiturarena da, baina desabantailak ugari; horien artean, Prado del Rey-rekiko dependentzia eta programazio-orduen desegokitasuna.

Tartekoa izango litzatekeen hirugarren bide baten hipotesia ere airean dago: hirugarren kanala.

Futboleko Mundu-Txapelketa dela bide antolatu eta hedatuko litzateke honen sarea, eta honetaz balia daitezke Estatua eta Komunitate Autonomoak akordio baten bidez.